Joan Mari Torrealdai Nabeak ia amaitua utzi zuen liburua Joanmari Larrartek osatu du, Egunkariaren lehendakari izan zen euskaltzalearen familiaren laguntzarekin. Garazi alabak adierazi bezala, «begi eta bihotzetik izkiriatutako letrak» dira. «Bere paperezko ametsaren erretratu pertsonala».

Martxelo Otamendi ‘Berria’-ko zuzendariak agertu duen gisan, meritu handia da liburu bat idaztea, are gehiago osasun egoerarik onenean ez zaudenean. Joan Mari Torrealdai hil baino astebete lehenagora arte jardun zen ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ lana idazten, «gauzak egiten zituen pasio horrekin», eta eskerrak eman dizkio Otamendik horregatik. Joanmari Larrarterentzat izan da bigarren eskertza, «are zailagoa delako beste batek egindako liburua bukatzea».

Elkarrekin argitaratutako obra Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean aurkeztu zuten Larrartek eta Otamendik, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin eta Garazi Torrealdairekin batera.

Torrealdairen sarrera bat dago. Libururako idatzitako azken testua da, hil baino astebete lehenagokoa. Sarrera horren hiru puntu nabarmendu ditu Larrartek. Hasteko, liburuaren tesi nagusia: «Egunkaria euskalgintzaren arrakasta da. Bere obsesioetako bat izan zen Egunkaria herri ekimenean sortu zela demostratzea. Adierazi nahi du euskalgintzak nahi izan zuelako posible egin zuela Egunkaria, euskalgintzaren indarrak badirela zer aurrera egin nahi bada. Eta horretarako zer garrantzitsua den independentziatik jardutea».

Bigarrenik, idazleak esaten du oso gertu dagoela oraindik Egunkaria historia liburu bat idazteko eta bera parte izateak ez diola ematen behar beste distantzia historia bat kontatzeko. Lehenengo pertsonan idatzita dago, posizioa oso garbi izanda. Saio moduan idatzi du, gertaerak kontatu eta dokumentatu ditu, bere bizipenetan oinarrituta, bere gogoetak eginez.

Hirugarren puntua honakoa da: «Gertaera horiek horrela izan ziren. Gertaeren gainean egingo den interpretazioa, aldiz, norberarena da, eta liburu honetakoa berea da».

Lorea Agirre kazetari eta antropologoak, ‘Jakin’ aldizkariaren zuzendariak, gaineratu duenez, Torrealdaik eremu bat topatu zuen Egunkarian ‘Jakin’-en sei premisa gauzatzeko: «Euskalgintzaren autonomia lantzea, herri erakunde sendo eta iraunkorrak sortzea, euskalgintzako beste eragileekin lankidetzan jardutea, euskalgintzako kidea profesional militantea izatearen figura bultzatzea, erakunde publikoekin berdinetik berdinera proiektuak lantzeko ahalegina egitea, eta gizarte zibilarekin ekitea, edozein dela ere proiektua, horrek ematen diolako oinarria eta sinesgarritasuna».

Bestalde, Otamendik zera aitortu du: «Oso zuzendari gutxik esan ahal izango dute lan egin dutela nik lan egin dudan askatasunarekin, Juan Mari lehendakari genuela. Beti zegoen prest gure galderei erantzuteko, aholkatzeko. Baina lanari buruzko elkarrizketa oso gutxi izan nituen berarekin, ez zuelako sartu nahi agintzen. Kritikak jasoko zituen, baina bereganatu izango zituen, seguru, jokalariak bakean uzteko futbol entrenatzaileek egiten duten bezala».