Mendeurrenaren programazioaren barruan, joan den azaroak 17an  Josu Martinez zuzendariaren “Jainkoak ez dit barkatzen” filma ikusi ahal izan genuen Andoaingo Bastero kulturgunean. Proiekzioan, zuzendari eta gidoilariarekin batera, besteak beste, Maider Lainez, Andoiango alkatea, Joxemari Sors, elkar Fundazioko lehendakaria, Joanmari Larrarte, Martin Ugalde kultur parkeko ordezkaria, Andoni Alvarez, EH Bilduko ordezkaria, Alex Huitzi, Euskara zinegotzia eta Sagrario Ruiz, Kultur zinegotzia ere egon ziren.

Josu Martinez zinegilearen lanak, Lezo Urreiztietaren istorio harrigarria kontatzen digu: XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen “pirata” abertzale baten historia.

Historia eta istorioa
Horretarako “Lezoren azken bidaia” ideia landu du Josu Martinezek. Honela azaldu du egileak berak: “Bi helbururekin abiatu dugu ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ filmaren inguruko transmedia-bidaia hau: lehenik, Lezo Urreiztietaren ametsak eta borrokak zirenek gure Historian, letra larriz, bere lekua izan dezaten nahi dugu. Filmak azaltzen dituen elementu guztiekin batera, eduki gehiago, oraindik argitaratu gabeak zabaldu nahi ditugu, Lezo nor izan zen, zer egin zuen eta zergatik egin zuen gehiago eta hobeto ikas dezagun. Bigarrenik, ikus-entzuleari zinema esperientzia berritzaile bat proposatu nahi diogu: filma berezia da, Martin Ugaldek Lezo Urreiztietari 1975ean grabatutako 35 orduko elkarrizketa batean oinarritzen delako. Lezok berak lehen pertsonan kontatzen duen historia da ‘Jainkoak ez dit barkatzen’. Esperientzia berezi hori osatu nahi dugu, filmetik haratago, filmaren elementuak konbinatuta, ikuslearen partehartzea bilatuta, eta filmaren bizipenean sakontzen lagunduko duten hainbat sorpresa txertatua. Lezoren istorioa, istorio bizia izatea nahi dugu, pantailatik haratago”.