Joan den uztailaren 13an abian jarri zen Urmuga mendi ibilaldi musikatuan, Martin Ugalde idazle eta kazetariaren oroitzapena egingo da haren jaiotzaren urteurrenaren karietara.

Martin Ugalde hil zela ehun urte betetzen diren honetan, Mendi Gidari Elkarteak eta Et Incarnatus orkestrak antolatutako Urmuga ekimenak ere gogoan izango du euskaltzale andoaindarra.

Mendi ibilaldi musikatu bat da Urmuga, natura eta gizakia musikaren bidez harremantzeko. Uztailaren 13tik 31ra, 19 egunetan osatuko dute ertz luzearen zeharkaldia oinez, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiaraino, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman, eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko dituzte. 

Uztailak 25ean, Urkiaga eta Ibañeta mendien arteko ibilaldia egingo dute parte hartzaileek, Egun horretan, Andoainen izango den musika emanaldian, Castillo Suarez idazleak Ugalderen omenez berak idatzitako testua irakurriko du. Urmugak, keinua egin nahi izan dio Martin Ugalderi, jaio zenetik mendeurrena beteko den urtean, eta bat egin du Martin Ugalde Kultur Parkea beste hainbat eragilerekin antolatzen ari den mendeurreneko ekitaldiekin. Musika ekitaldia Leitzaran Bixitarien Etxearen ondoan izango da, 18:00etan.

Oraintxe, eta abuztuak 27a bitartean, kazetari eta idazle andoaindarrari eskainitako erakusketa zabalik dago Donostiako Koldo Mitxelenea Kulturunean. Jarraian, urriak 7tik 27ra, EHUk Bilboko Bizkaia aretoan izango du ikusgai, eta azaroaren 5etik abenduaren 4era, Andoaingo Bastero Kulturunean egongo da.