«Egunkari batek, txikia izanda ere, mundua alda dezake». Bideoak harien jolasa erakutsi du. «Korapilo eta aingura. Harilkatu beharreko gaia da feminismoarena». «Feminismoa ez da amaitzen; ez da estadio bat, praktika bat baizik».

Danele Sarriugarte, Kattalin Miner, Maria Maya eta Maddi Altunak aurkeztutako lana saritu zuen epaimahaiak, eta martxoak 14an izan genuen ikus-entzunezkoa ikusteko aukera. Berria fundazioak, Elkar fundazioak, Jakin-ek eta Martin Ugalde kultur parkeak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, 2017ko maiatzean egin zuten Martin Ugalde bekaren deialdia honako gai hau ikertzeko: Euskaldunon Egunkaria-k eta Berriak genero gaietan zer eragin izan duten. Aipatutako ikus-entzunezko lana da bekaren emaitza. Hilaren 25etik aurrera Interneten ikusgai izango da, bai Martin Ugalde parkeko Vimeo kanalean, bere web gunean baita Berriaren webgunean ere.

Ekitaldian izan ziren bekaren eragile sustatzaileen ordezkariak. Baita epaimahaiko kideak ere: Beatriz Zabalondo, Martin Anso, Larraitz Ariznabarreta, Lorea Agirre eta Irene Arrarats.

Arrarats bera, Euskaldon Egunkaria-ko eta Berriako euskara arduraduna, erreportajeko elkarrizketatuetako bat da. Egileek «barne begirada» landu dute harekin, Maite Asensio Lozano Berriako kazetariarekin, Idurre Eskisabel Larrañaga EHUko irakasle eta Egunkaria-ko eta Berriako kazetari ohiarekin, Pilar Mendibil Egunkariako Produkzio buru eta Berriako Kudeaketa buru ohiarekin eta Lorea Agirre Doronsoro Egunkariako eta Berriako kazetari ohi eta Jakin-eko gaur egungo zuzendariarekin.

«Kanpoko bizipena», berriz, elkarrizketa hauekin landu dute: Arantza Gutierrez EHUko irakaslea —hedabideetan dagoen emakumeen ikusgaitasuna ikertzen ari da—, Maite Segurola eta Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak eta Onintza Enbeita bertsolari eta Berriako zutabegilea.

Martin Ugalde bekaren hurrengo deialdia martxan da dagoeneko, eta laster emango da horren berri.