Bere heriotzatik urtebetera, Joan Mari Torrealdaik omenaldi berezia jaso du Martin Ugalde kultur parkean, senide, lagun eta lankideen partetik. 

Bizitzan zehar ereindakoaren fruitu ederra izan da Joan Mari Torrealdaik jaso duena. Bere heriotzatik urtebete igaro denean, senide, lagun eta lankide izandakoek omenaldi sentitua eskaini diote Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkeko lorategian eginiko ekitaldi berezian. Besteak beste Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkariaren sortzaile izandakoa joan den urteko uztailaren 31n zendu zen, 77 urterekin, minbiziaren ondorioz, eta haren bizitza goraipatzeko ekitaldi publikoa ezin izan zen orduan egin COVID-19aren pandemiak aukerik utzi ez zuelako. Zintzilik geraturiko omenaldiaren arantza hori behar den modura kendu dute, ordea, euskal kulturaren munduan erraldoi izandako gizonari merezitako agurra emanez.

Ekitaldia osatu duten hitzartze eta emanaldiek iraun bitartean, Torraldairen bizitza errepasatzen dituzten irudiak bata bestearen atzetik jarri dituzte agertoki alboko pantailan, eta han bildutakoez gain, lorategian ez zirenek ere ekitaldia Berria telebistaren bidez jarraitzeko aukera izan dute. Joan Mari Larrarte Martin Ugalde kultur parkeko arduradunak azaldu du omenaldirako leku hori aukeratu izana ez dela kasualitatea izan, Torrealdai beraren eskaria baizik: «Azkeneko egunetan berak eman zizkigun enkargu eta egitekoen artean esan zigun, bera hiltzean zerbait egiteko asmoa bagenu, Martin Ugalde kultur parkean egiteko, eta horrela esanez gero, betetzea besterik ez zitzaigun geratzen».

Hain zuzen, Torrealdaik parkearekin «lotura zuzena» izan zuela gogoratu du Larrartek, bertan, besteak beste, Jakinen, Euskaldunon Egunkarian eta Elkar argitaletxean aritu zelako: «Esaten zuen parkea euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren zutarrietako bat izango dela eta izan behar duela».