Koronabirusaren krisiaren ondorengo «normaltasun berrian» euskarak izan beharko lukeen lekuaz eztabaidatu zuten Idurre Eskisabelek, Amelia Barquinek eta Josu Amezagak Martin Ugalde foroan.

«Normaltasuna eta euskara oximoron bat da. Zertaz ari gara?». Koronabirusaren pandemiaren testuinguru berrian euskarak izan beharreko lekuaz mintzatu ziren atzo Martin Ugalde foroan, eta horixe izan zen Idurre Eskisabelek hasieran botatako galdera. Euskara ere normalitaterantz? izenburua jarri zion Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekainak 4an Andoainen antolaturiko mahai inguruari, eta galdera horren bueltan aritu ziren Eskisabel bera, Josu Amezaga eta Amelia Barquin aditu, aritu eta irakasleak, Goizalde Landabasok gidatuta.

Normaltasuna bera zalantzan jartzea izan zen hiruren abiapuntua: izan ote daitekeen euskara «normala», eta egokia ote den pandemiaren aurreko egoerara itzultzea. Zendu berri den Mattin Larzabal kazetariaren ibilbidea jarri zuen Eskisabelek adibide, pandemiaren aurreko «normaltasuna» azaltzeko. «Haren egunerokora baldin bagoaz, prekaritatea izan da. Eta prekaritatea izan da, euskaraz lan egitea hautatu zuelako». Koronabirusaren krisiak agerian utzi du, haren hitzetan, zein den euskararen egoera «prekarioa», eta, beraz, normaltasunera itzultzea prekaritatera itzultzea litzatekeela. «Hartara itzultzea? Txarrena da prekaritate hori desio bihur litekeela». Ez luke hala behar, haren ustez: «Lehengora bueltatzeak ez du izan behar desio bat. Gutxienekoak berreskuratzeak bai, baina kontuan izanik gutxienekoak direla». «Marra gorriak» ezartzeko garaia dela aldarrikatu zuen Eskisabelek, «oinarrizko hitzarmenak abiatzeko»: «Honek guztiak erakutsi digu euskara ez dagoela oinarrizkoetan».

Hezkuntza presentzialean izandako etenaz eta pantailaren presentziaz ere aritu ziren atzoko solasaldian. Barquinek nabarmendu zuen, erraterako, anitz hitz egin dela arrakala teknologikoaz, baina ez hainbertze hizkuntzarenaz. Haren ustez, lotuta daude. «Batzuetan, gainezarri dira: desabantaila ekonomikoan daudenak dira euskaratik urrunago daudenak. Ez beti, baina bai askotan». Irakaskuntza modu telematikoa oraindik «traketsa» dela ohartarazi zuen, eta harremanak galdu egin direla, pantailaren bertze aldean ikaslerik ba ote dagoen ez jakiteraino. «Edukien transmisioa» lehenetsi da, haren hitzetan, eta ez «tutoretza»: «Euskara lotu da autoritatearekin, edukiekin… ez harremanekin». Ideia bat nagusitzen da orduan: «Euskara zertarako da? Irakasleari entzuteko eta lanak egiteko. Euskararen izaera akademikoa indartzen ari da». Emozioak berreskuratzeari eman zion garrantzia, pantailek ekarri dutenari buruz Mari Luz Estebanen ideia bat berreskuratuta. «Gorputza desagertzen bada, emozioa desagertzen bada, euskararen kalterako izango da. Euskararen biziraupena ez da pantailekin lotuta egongo den zerbait».