Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikus-entzunezko komunikazioko graduko irakasleek irabazi dute Martin Ugalde beka, Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan proiektuari esker. Urtebeteko epea eta 8.000 euro izango dituzte bekak proposatutako gaia lantzeko: Euskal Herria hedabideetan. 

Euskal hedabideek nola irudikatzen dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen da? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?.

Atzo arratsean eman zieten beka, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Larrañagak hala esan zuen: «Oso barruko bulkadatik sortzen den kezka dugu gai horrekin, eta arduraz bizi dugu».

Martin Ugalde parkeak, Berria fundazioak, elkar Fundazioak eta Jakin fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Aurten, epaimahaiko kideak honakoak izan dira: Larraitz Ariznabarreta EHUko irakaslea, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakaria, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Martin Anso idazle eta kazetaria eta Irene Arrarats Berriako Euskara zuzendari

Aurkeztutako lanak aztertu ondoren, erabaki dute proiektu irabazleak aukera ematen duela egiten dena azalera ekartzeko. «Eta ohartarazi egiten du egunerokoan egiten denaz, gaizki egindakoa zuzentzeko eta aterabideak planteatuz». Gaia bera planteatzeko modua «interesgarritzat» jo du epaimahaiak. «Egokiak ez diren moduak ikusten badira, haiek zuzentzeko proposamenak egitea ekarpen oso baliotsua izan daiteke euskal kazetaritzarentzat». Epaimahaiak gaineratu du lana talde «kualifikatu batek» egingo duela, «lehendik ere eskarmentua duen lantaldea».

Bidegainek, hiru irabazleetako batek, Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar liburua aurkeztu zuen iaz. Liburu horrekin lotutako hitzaldia eman zuen, saria jaso ostean. Nabarmendu zuen alor askotan daudela desberdintasunak Bidasoaren alde bateko eta besteko euskal herritarrentzat: jai egunetan —atzo jaia zen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan—, hedabideek ezartzen dituzten erreferenteetan, hezkuntzan — «desberdin erakusten da historia eta geografia»—, burokraziak sortzen dituen oztopoetan eta ekonomian. Halaber, datuen menpekotasunaz ohartarazi zuen: «Hedabide askok soilik EAEko datuak argitaratzen dituzte. Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten datuak argitaratzen direnean, kazetarien edo Gaindegiaren lanari zor diogu».

Baikortasunez eman zion bukaera hitzaldiari. «Zerk batuko gaitu? Ereduak kulturan eta euskalgintzan badauzkagu, eta eredu horiengan indar gehiago jarri behar da. Halaber, datu burujabetza behar dugu, mapa psikologikoa aldatzeko. Elkarlan bat sortzea ere behar dugu». Asimetria ala elkarlana? Galdera horren aurrean, bide berriak urratzeko aroa dela uste du Bidegainek.

Bideoa hemen: