Inor gutxik jartzen du zalantzan gaur egun mundua ekologia eta klima krisi betean dela. Azken zortzi urteak neurtutako beroenak izan dira, eta, neurri zorrotzak hartu ezean, baliteke munduan milioi bat espezie galzorian geratzea.

Egoera horri aurre egiteko neurriak hartzen ari dira han eta hemen, baina poliki doaz, kontuan harturik ezen, zientzialariek iragarri dutenez, hamarkada honetan bukatuko dela klima gehienez ere 1,5 gradu berotzeko aukera.

Euskal Herria ez dago eztabaida horretatik kanpo, eta trantsizioaren nondik norakoek hartzen dituzte hedabideetako lerroak eta herritarren eztabaidak.

Martin Ugalde Foroak gai horren inguruko ikuspegi askotarikoak jaso nahi  ditu, eta hiru gonbidatu izango ditu horretarako: Itziar Gomez Nafarroako Ingurumen kontseilaria, Unai Pascual BC3ko ikertzaile eta IPBESeko kidea, eta Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko arduraduna. Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak gidatuko du solasaldia.

Eguna: martxoaren 2a.
Ordua: 19:00.
Lekua: Martin Ugalde kultur parkea
(Gudarien etorbidea, 29. 20140 Andoain).
 
Martin Ugalde kultur parkearen areto nagusian egingo da mahai ingurua, eta, ondorioz, entzuleek aukera izango dute solasaldia bertatik bertara ikusteko.
 
Etxetik ikusi nahi duenak zuzenean ikusteko aukera izango du, beti bezala, Berria.eus-en