Euskal Herriko hainbat txoko igaro ostean, EuskarAbenturako 121 gazteak Gipuzkoan sartu ziren hilaren 15an. Uztailak 18an Andoaina iritsi ziren, eta Martin Ugalden igaro zuten eguna, bertako hainbat eragilerekin esperientzia partekatuz.

Mauletik abiatu, eta, etapaz etapa, hemezortzigarren eguna Andoainen igaro zuten. Tolosatik Hernanirako bidean, kultur parkea ezagutzeko aukera izan dute gazteek. Gogotsu agertu zirenbidean aurrera jarraitzeko, espedizioaren erdia jada egina izateak dakarren errutina menperatuta. Guztira, 783 kilometroko ibilbidea egingo dute jzioquitarrek, Euskal Herri osoan zehar. 

Andoainen geldialdia egiteko aprobetxatu zuten, BERRIAren egoitza eta Martin Ugalde kultur parkea bisitatzeko. Biek euskalgintza eta euskararen erabilera sustatzea dute helburu, eta gazte askok lehen aldiz bisitatu zuten. Euskaltzaleen Topaguneako lagunekin izan ziren, besteak beste, eta Euskaraldiaren inguruko hainbat galdera egin zituzten. Udalbiltza, Lanku eta Soziolinguistika Klusterreko bulegoak ere bisitatu zituzten euren jarduna eta helburuak ezagutzeko. Bestalde, Berrian fotokazetaritza tailer bat ere egin zuten, kultur parkeko leku esanguratsuenak iruditan biltzeko.

Martin Ugalde kultur parkea bisitatzeak Euskarabentura espedizioaren helburuetako batekin bat egiten du: gazteei bestela beharbada ezagutuko ez lituzketen euskarazko erreferenteak eskaintzea (musikariak, kultur arloko edo gizarte eragileak, bertsolariak…).

Igone Mariezkurrena Euskarabenturako komunikazio arduradunaren arabera, euskararen, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bihotza edo biriketako bat da parkea, eta Berria egunkaria, berriz, euskarazko komunikazio alorrean erreferente nagusia. Hortaz, egunkariaren eta parkearen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuten gazteek. Bidaia on, gazteak!

https://photos.app.goo.gl/9GrH3fBikdHwwwmF9