Martxoarekin batera, solasaldia eskainiko du Joxe Azurmendik bere azken liburuaren ingurumarian, Hizkuntza, nazioa, estatua. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak gidatuko du saioa Andoaingo Martin Ugalde kultur parkeko ekitaldi irekian. Ohikoan bezala, zuzenean jarraitu ahal izango da Berria.eus webgunean.

Gonbidatuta zaudete gogoetaren plazara.

 

 

 

Horrez gain, ekitaldiz betea datorkigu hilabetea: martxoaren 6ean, PuntuEUS Fundazioarekin elkarlanean, emakumeak sarean duen presentziaren inguruko gogoetarako mahai ingurua izango dugu; eta martxoaren 23an, Foroaren saio berri batean, Mari Luz Esteban EHUko antropologoaren hitzaldiaren eskutik.

 


 

Hizkuntza, nazioa, estatua (Elkar, 2017)

 

XX. mendearen erditsuan, abertzaletasunak berritu sakon bat izan zuen, eta arrazaren ordez euskarari eman zitzaion lehentasuna gure herria definitzeko eta eraikitzeko orduan. Gaur, XXI. mendean, planteamendu berriak entzuten dira, lehengo uste ziurrak zalantzan jartzera datozenak: hizkuntza, nazioarentzat mesede eta sostengu izan arren, ez ote da kalte edo traba estatu bat lortzeari begira?

 

Hizkuntza, nazioa eta estatua kontzeptuei eta haien arteko harremanei buruz hausnarrean jarri da Joxe Azurmendi, ez erudiziozko saio akademiko bat egiteko, baizik eta gaiaz interesa dutenekin elkarrizketa sustatzeko; ez polemika bilatuz, baina eztabaidari ihes egin gabe; historiaren argitan, baina etorkizunari begira.

 

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) Filosofiako katedratikoa izana da EHUn, Jakin taldeko partaidea eta euskal saiogilerik zorrotz eta berritzaileena. Oparoa da haren produkzioa, eta hauexek azkenaldiko liburuak: Gizona abere hutsa da, Gizabe- rearen bakeak eta gerrak, Espainolak eta euskaldunak, Demokratak eta biolentoak, Oraingo gazte eroak, Teknikaren meditazioa, Euskal Herria krisian, Espainiaren arimaz, Volksgeist-Herri Gogoa, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua, Barkame- na, kondena, tortura eta Historia, arraza, nazioa.