Urriaren 22ko Martin Ugalde foroak ‘Klima eta ekologia krisia’ hartuko du hizpide, ‘Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian’ Aleka bildumako liburu berrian parte hartu duten zenbait adituren eskutik.

Haiekin batera arituko da solasaldian Iñaki Petxarroman kazetari eta liburuaren egilea, arazoaren atal bakoitza bereizi eta xehatzeko. Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta EHUko irakasleak hidrologiaz mintzatuko dira; Ibai Rico eta Eñaut Izagirre glaziologoek, izotz eta glaziarrei buruz; Naima el-Bani paleozeanografoak, berriz, iraganean izandako klima aldaketak eta gaur egungoa (antropikoa) aztertuko  ditu; Unai Pascual eredu ekonomikoak behar duen eraldatze ekologikoaz mintzatuko da, eta Elisa Saenz de Murieta, azkenik, klima aldaketak kostaldean izan ditzakeen ondorioez arituko da.

Solasaldia bertatik bertara entzuteko aukera izango da, segurtasun neurri guztiak beteta; beraz, etorri nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du, helbide honetara idatziz: martinugalde@kulturparkea.eus.

Etxetik ikusi nahi duenak zuzenean ikusteko aukera izango du, beti bezala, Berria.eus-en.