MARTIN UGALDE KULTUR PARKEA

Sarrera

Martin Ugalde Kultur Parkea euskal kultura sustatzeko bilgune izateko sortu zen. Euskara eta euskal kulturaren eremuko enpresa, erakunde eta elkarteak inguru berean bilduz, euskalgintza eta euskal kulturgintza indartzen lagundu nahi du parkeak. Kulturaren eta hizkuntzaren munduko erakundeek egoitza bertan kokatzeko aukera dute, alde batetik; bestetik, parkean kultur sorkuntza, kultur industria eta euskalgintza indartzea helburu duten egitasmoak garatuko dira, sortzaileen eta bertan kokaturiko erakundeen eskutik.

 

2000. urtean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak monumentu[1] izendatu zituen bertako bi eraikin: bata, lantegiaren lehen eraikina izan zena, “Laborde Anaiak Barauts Lantegiko pabiloi, bulego eta etxebizitza eraikina” izendatutakoa, 1928koa —gaur egun parkearen sarrera dena—; bestea, “Laborde Anaiak Lantegiaren jantokien eraikina”, 1939koa —parkearen barruan dagoen eraikina—. Biak, sorrerako kolore zuriari eutsi diotenak. Laborde Lantegiko eraikin horiek, Laborde ingeniariak berak sinatutako proiektuak badira ere, gaur egun jakina da bere garaian uste zena, Luis Tolosak eginak direla.[2] Monumentu izendatzeko, kontuan hartu zuten arkitektura industrialeko eraikin adierazgarriak direla, estilo arrazionalistaren arabera eginak; 1928koa, gainera, Gipuzkoan estilo horretan eginiko lehena.

 

2002ko ekainean inauguratu zen Martin Ugalde Kultur Parkea.

 

Handik urtebetera, 2003an, Martin Ugalde Kultur Parkeak eraso larria jasan zuen. Urte hartako otsailaren 20an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten, eta gero parkea bera izan zuten jomugan. Parkearen kontra abiatutako ekinbideak ezerezean geratu ziren, eta Egunkariaren kontrako epaiketa absoluzioarekin amaitu zen. Horrek guztiak eragin handia izan zuen, hainbat urtetan parkearen garapena bera gelditu egin baitzen.

Egunkariaren itxieraren ondorioz, hark bere ondasun guztiak likidatu behar izan zituen, eta, ondorioz, parkea kudeatzen duen Buruntzape SM enpresako akzioak ere saldu behar izan zituen, enpresako beste bi bazkideen esku utzirik. Gerora, BERRIA Taldeak erosi zituen Egunkariak utzitako akzioak.

Gaur egun, Buruntzape SM enpresako akziodunak BERRIA Taldea, Elkar Fundazioa eta Graficas Lizarra dira.


 [1] EHAA; 289/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-vacia/eu/bopv2/datos/2001/01/0100355a.pdf; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria 17. zbk., 2001eko urtarrilaren 24a, Gasteiz.

[2] AZPIRI ALBÍSTEGUI, Ana (koord.): La arquitectura de Luis Tolosa, Nerea-COAVN-Pasaiako Portua, Donostia, 2013.

 

aurkezpena

 

historia

 

 

Historia laburra

1994ako udazkenean Egunkariak Laborde Lantegiaren eraikinetan kokatu zuen bere erredakzio nagusia. Ordurako Laborde lantegia deseginda zegoen (lantegia desegiterakoan eratutako kooperatiba batzuk ari ziren bertan lanean) eta likidazio prozesuan.

1997an,likidazio prozedura aurreratzen ari zela, lantegia eta hura kokatuta zegoen lur sail guztia salgai jarri zuten, eta Egunkariak, bertan jarraitzekotan, erosketara joatea zuen aukera bakarra.

Laborde Lantegiak hartzen zuen eremua eta eraikinak gehiegizkoak ziren Egunkariaren beharretarako eta inguruko eragileekin batera aukerak aztertzeari ekin zitzaion. 

Egoera horretan planteatu zen kultur parkea eraikitzeko aukera. Parkearen kontzeptua Elkar Fundazioko (garai hartan Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa izena zuena) kideen artean aurretik zebilen ideia baten garapena da, Joseba Jakaren ideia batean oinarrituta landutakoa: kultur munduko erakundeak leku berean kokatzeko aukera sortzea, indarrak bildu eta eraginkorrago izateko. Azken batean, parke teknologikoen ideia kulturara egokitzea.

1997an, Egunkariak, Elkar Fundazioak eta Graficas Lizarrak erabaki zuten parkearen ideia garatzeko aukera bazegoela, eta, euren beharretara egokitutako egoitzak atontzearekin batera, euskal munduko gainerako eragileentzat ere interesgarria izan zitekeela. Bruntzape SL enpresa sortu zuten hiruren artean, eta Laborde Lantegia erosi zuten, lurrak eta eraikinak.

Handik aurrera proiektua diseinatu eta lantzeari ekin zitzaion. Sortzaileekin batera, Andoni Mendizabal arkitektoa eta Pello Aiesta ingeniaria arduratu ziren hirigintza eta arkitektura proiektua lantzeaz.

Behin proiektuak landu eta behar ziren baimenak lortuta 1999ko udazkenean ekin zitzaien berrikuntza lanei eta 2000ko udaberriak, Martin Ugaldek berak jarri zuen parkearen lehen harria, berei izena izango baitzuen aurrerantzean. (Martin Ugaldek irakurritako testua berreskuratu)

 

 

Izena: Martin Ugalde

1921ean jaio zen, Andoinen, eta Espainiako gerraren ondoren erbestean bizi izan zen urte luzez. Kultur gizon eta euskaltzalea izan zen, idazlea, kazetaria eta ekintzailea, besteak beste. Diktadura ondoko lehen Eusko Jaurlaritzan, Euskarazko Arazoetarako zuzendari nagusi izendatu zuten, eta politikagintzan ere aritu zen.

Euskaldunon Egunkariaren sustatzaile eta sortzaileetako bat izan zen, eta bertako lehendakari lehen urteetan, eta ohorezko lehendakari gero, hura itxi zuten arte. 2004an hil zen, Hondarribian.

Andoaindarra izatea, euskal kulturgintzan halako lanak egin izana eta Egunkariako lehendakari izatea bazen nahikoa meritu haren izena jartzeko parkeari. Eta, horrekin batera, gogoan izatekoa da aurretik bi alditan Laborde Lantegiko langile ere izandakoa zela.

 

 

 

 


 

m_ugalde

 

m_ugalde2