Giro onean ospatu dugu aurten ere parkearen eguna, San Martin eguna. Santuaren eguna berez, joan den astelehenean ospatzen zen arren, geuk ostiralera ekarri dugu  ospakizuna parkean. Eguraldia ez dugu lagun izan, hotza, euria eta haizea iragartzen zuten, eta ez zen giro kalean egoteko.

Hori ez da halere oztopo izan guretzat, eta halakoetan egin izan ohi dugun moduan, aretoen gunean elkartu gara parkeko eragile ezberdinetako lagunak mokadutxo bat hartu, eta egunerokoan ikusten ez ditugun lagunekin solasean aritzeko.

Argazkian ikus daitekeen moduan, aretoen inguruko espazioan Berriak antolatutako Trixerten erakusketa izan dugu hamaiketakoaren lekuko. Aterpe tabernako lagunek txorizoa, odolkia, tortillak, sagardoa, ardoa eta bestelako jaki ederrak ekarri dituzte, eta Agus Berriako atezainak ekarritako gaztarekin batera, sekulako hamaiketakoa egin dugu. Ordubata aldera amaitutakoan, dena jaso, eta bakoitza gure lanera itzuli gara.

Hurrengo hitzordua, udaberriko festa. Ez dugu parkeko lagunok aitzakia askorik behar  elkartzeko!