Guztira Martin Ugaldek idatzitako edo bere figuraz mintzo diren 2.049 lan digitalizatu eta sareratu ditu Jakinek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Lakuako Gobernuaren eta Andoaingo Udalaren babesarekin. Ugalderen jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez aurkeztu dute bere ekarpenaren digitalizazioa Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

Martin Ugalde jaio zenetik 100 urte pasatu diren honetan, Jakin Fundazioak Ugalderen lan osoa digitalizatu eta sareratu duela iragarri zuen atzo Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen. Guztira, 2.049 idazlan sareratu dituzte, horietatik 1.662 Ugaldek berak idatzitakoak. Gainerako 387 lanak Ugalderen inguruan beste autore batzuek idatzitako testuak dira: elkarrizketak eta liburu kritikak batik bat. Horrez gain, testu bilduman Ugalderen biografia eta bere ekarpenaren azterketa-testu bat ere badaude. Azken emaitza orain plazaratu den arren, Jakin fundazioak 90eko hamarkadan ekin zion idazle andoaindarraren ekarpena sareratzeko lanari. 

Aurkezpenean, Ugalderen familiako kideez gain, erakunde eta eragile desberdinetako ordezkariek ere parte hartu zuten: Lakuako Gobernukoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Andoaingo eta Hondarribiko udaletakoak, Jakinekoak, Elkar argitaletxekoak, EIEkoak, “Berria” egunkarikoak, EH Bildukoak, EAkoak… Ugaldek idatzitako 1.662 idazlanetatik, 46 liburuak dira, eta, gainerakoak, aldiz, artikuluak. 58 urteko epean egindako produkzio hori «ikaragarria» dela deritzo Martin Ugalde Kultur Parkeak: «Dimentsio ikaragarria du neurriz, Txillardegi edo Joxe Azurmendi baten parekoa».

Digitalizazioaren aurkezpena bukatu eta jarraian, Ugalderen liburuetako baten, “Itzulera baten historioa”, irakurketari ekin genion. Bertan, familiaz eta erakunde eta eragileetako ordezkariez gain, Andoaingo elkarteetako hainbat lagunek eta ikastetxeetako ikasleek ere hartu zuten parte.