Emakume gorputzetik bertsoaren plazara sartzeak ekarri dituen ajeez eta aldaketez aritu dira Martin Ugalde foroan Uxue Alberdi, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria, Lorea Agirrek gidatuta.Beste hitzordu bat atzo, Martin Ugalde Foroan, eta aretoa goraino beteta. Gaia: Emakumeak bertso munduan. Menderakuntzaren eta ahalduntzearen erradiografia bat. Bertsolaritza hegi horretatik aztertu berri du Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan; egun kantuan ari diren hamabost emakume bertsolariren testigantzak bildu, eta haien plazako jarduna azpiratzeko bideak atera ditu argitara. Horiek ardatz, bertsoaren plaza publikora emakume gorputzetik ateratzean bizitakoez, zapalkuntzez eta ahalduntzerako egindako bideaz aritu ziren atzo Alberdi bera, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria.

Hirurek utzi dute euren genero bizipenen lekukotza Alberdiren liburuan. Haien artean askotan landutako kontuak izan arren, genero diferentziaz aritzean, kanpora begira, hori noiz, nola, norekin zertzen den erakusteko balio izan du argitalpenak, Alberdirentzat: «Ariketa politiko bat izan da, eta kontakizunik intimoena ere hortik abiatzen da».

Feminismoaren teoriak oinarri, 22 azpiratze mekanismo zerrendatu ditu Alberdik liburuan. Bana nabarmentzeko eskatuta, «denak» esan zuen bizkor Ibarzabalek; «autoexijentzia suntsitzailea»-ri egin zion azpimarra gero. «Kanpotik datorrenean bortxa, estrategia bat pentsatu dezakezu, baina, barrutik etorrita, autosuntsitzailea da». Merezimendu faltaren puntua hainbestetan agertu izanak kezkatu duela aitortu zuen Uriak. Eta, finean, «biolentzia horiek denak elkarreraginean» daudela gehitu Artetxek.

«Emakumezkoen gaiak» emakumeei soilik jartzearen garaia igaro dela aipatu zuen Uriak; gizonezko bertsolariei ere hasi direla, adibidez, gauean kaletik bakarrik joatearen beldurra gai modura jartzen. «Gizonak esaten ari dira eurak ere honetaz kantatu dezaketela. Halere, diskurtsoak ikastea gauza bat da, beharrezkoa, baina hortik harago, jarrerak ere garrantzitsuak dira». Diskurtso feministak ikastearen pare, erresistentzia gisa irakur daitezkeen beste estrategia batzuk ere gehitu zituen Artetxek: plazan toki gehiegi hartu izanaren «betekada sentsazioa» eta «otsoa kanpoan» ikustea, kasurako. «Teorian ikusten dute, baina gizonei asko kostatzen zaie sexu bat eta genero bat dutela onartzea; anaidiaren funtzionamenduaz ohartzea, haren babes mekanismoen», erantsi zuen Alberdik.