Datorren ostegunean, otsailak 17, Martin Ugalde kultur parkeak eta Elkar argitaletxeak “Francoren mende kantatzen genuenean” liburuan oinarritutako aurkezpen kantatua antolatu dugu.

1960 eta1970eko hamarkadek garrantzi handia dute euskal kantagintzan. Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian sortu ziren mugimenduek berritu zuten euskal kantagintza, modernizatu egin zuten.

Ipar Euskal Herriko garai hura aztertu du sakon Colette Larraburu kazetariak, protagonisten beraien eta haien ondorengoen testigantzak oinarri hartuta. Mixel Labeguerie jotzen da euskal kantagintza modernoaren sortzaile, eta harekin batera beste asko sortu ziren: Pantxoa eta Peio, Guk taldea,Gexan Lantziri, Patxika Erramuzpe, Etxamendi eta Larralde, Manex Pagola, Ortziken, Zazpiri bai… Zergatik eta nola sortu zen mugimendu hura guztia? Galdera horiei erantzuten dion liburua da “Francoren mende kantatzen genuenean” eta hura aurkezteko saio kantatua antolatu da.

Egileak eta editoreak liburua azalduz joango dira, eta protagonista izan zirenetako batzuek haien testigantza emango dute eta kantatu egingo dute saioan zehar.

 

Hizlariak eta kantariak:

Colette Larraburu (idazlea), Peio Etxeberri-Aintxart (editorea)

Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Gexan Lantziri eta Patxika Erramuzpe (kantariak)

 

Eguna: otsailaren 17a, osteguna

Lekua: Martin Ugalde kultur parkea

Ordua: 19:00

 

(ARGAZKIA: 2021eko Duarngoko azokan zuzenean taularatutako emanaldiko irudia)