Haurdunaldia, erditzea, erdiondoa, umearen zaintza… tradizioz emakumeei egokitu zaizkien eginkizunak dira denak ere, batzuk biologiaren indarrez, beste batzuk gizartearen antolamenduaren ondorioz. Amatasuna instituzio gisa emakumezkoen autonomiarako muga, haien garapenerako traba eta askatasunerako oztopo izanik ere, ezin da ukatu, era berean, haur bat mundura ekartzea, bere zailtasun, min eta neke guztiekin ere, esperientzia guztiz eder eta zirraragarria dela emakume askorentzat, edo hala izan litekeela eta izan beharko lukeela, behintzat, inguruak (gizarteak, komunitateak, legeek) lagunduz gero.

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute M ama* eme* ume* liburua, hamahiru lekukotasun jasoz, hamaika amaren eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak…

Solasaldian, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez egileak arituko dira, eta Alaine Agirre idazlea arituko da dinamizatzaile. 

Martin Ugalde kultur parkearen areto nagusian egingo da mahai ingurua, eta, ondorioz, entzuleek aukera izango dute solasaldia bertatik bertara ikusteko. Bestela, etxetik berria.eus atarian.