Nafarroako aldaketa politikoaren indarguneak eta ahulguneak aztertu dituzte gobernua babesten duten lau taldeetako kideek Martin Ugalde Foroan. Orain artekoaz, balorazio baikorra egin dute

 

 
 

Aldaketek denbora behar izaten dute egonkortzeko, finkatzeko. «Trantsizio» moduko bat ere bada Nafarroako «aldaketaren» Gobernua egiten ari dena. Berau babesten duten lau indar politikoen ustez, etorkizuneko jokaleku politikoa ari da eraikitzen. Diskurtso berri bat sortzen, bere desadostasun eta ñabardurekin. Eta talkak ere badaude, lau ahotsen artean. Hori guztia islatu zuten herenegun lau alderdi politikoetako ordezkariek Martin Ugalde Foroan eginiko mahai inguru batean.

 

Berriki argitaratu den Nafarroa, orain ala inoiz ez liburua hizpide hartuta, azkenengo urteetan Nafarroako politikan izan den aldaketa aztertu dute EH Bilduko Bakartxo Ruizek, Geroa Baiko Unai Uhaldek, Ezkerrako Joseba Ezeolazak eta Ahal Dugu-ko Iñigo Pascualek. Eztabaida gidatu dute liburuaren egileek, Joxerra Senarrek eta Ion Orzaizek; biak dira egunkari honetako kazetariak. Jakin, Elkar eta BERRIAk elkarlanean argitaratu dute liburua.

 

Aurrera begira jarri dira laurak. Eta bi jarrera nabarmendu dira: gobernuari ausardia gehiago eskatu diotenak: EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Eta egungoa «sendotu» behar dela uste dutenak: Geroa Baik eta Ezkerrak. «Gauzak aldatzeko, aurrerapauso bat eman behar da. Adorea izango dugu?», galdetu du Pascualek. Eta Ruizek azpimarratu du «konplexuak alde batera» utzi behar direla, eta uneoro oposizioari begira egon gabe lan egin behar dela. Ezeolazak beharrezkotzat jo du gobernua babesten duten lau taldeen arteko desadostasunak «normalizatzea», eta ohartarazi du «hegemonia kultural, politiko eta ekonomiko bati» aurre egitea ez dela lan makala. Uhalderentzat, akordio programatikoa izan behar da «iparrorratza», eta uste du orain arte asko egin dela, aldaketarako «zutabeak» jarri direlako Egiteaz gain, «ongi kontatzea» ere ezinbestekoa dela nabarmendu du Geroa Baikoak.

 

Euskararen «korapiloa»

 

Legealdi hasierako gai korapilatsuenetako bat izan zen Euskara Legearena. Oposizioak ere maiz erabili du lauren arteko zatiketak bilatzeko. Ruizen ustez, lau taldeek eredu diferenteak dituzte eta horiek uztartzea zaila da. Hala, adostu zuten egungo legetik abiatuta, Nafarroa osoan herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzea. Ruizen arabera, baina, euskara «justizia sozialaren eta demokraziaren parametroetan» kokatu behar da. EH Bildukoak besteei leporatu die gai hori «agenda identitarioan» kokatzea. «Hizkuntza eskubideak eskubide sozialak direla ulertu behar dugu. Parametro horretan kokatu behar dugu, oposizioari jokoa egin gabe».

 

Ezeolazak «arrisku» bat ikusten dio horri. Historikoko Nafarroan baskimo kulturala politikoa baino handiagoa izan dela uste du berak. «Euskara prestigioa du gizartean, irudi positiboa du. Baina hartzen ditugun erabakiak ez baditugu ondo pentsatzen, kontsentsurako ahalegina egiten ez badugu, oposizioko taldeekin, prestigio horrek behera egingo duelakoan nago. Ez badugu oreka hori ondo neurtzen, arriskua dago kontsentsu soziala ere hausteko».

 

Irakurri kronika osoa BERRIAn.